XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urriaren 16.an izan zen sari emaitea eta honekin batean bazkari erdi florala bertso moeta bakotxa bere aldian abestuz.

Postre, kafe eta kopa garaian zirikakoak, inprobisatuak edo entzuleari irri eginezartekoak eta ondoren pausatxo bat emanda gero zenbait bertso paperen irakurtzea.

Lehen saria Jon Tapiak eraman zuen Amonaren azken bertsoak paperarekin.

Donostiatik hurbil den Zubietan sortua da duela 41 urte eta gaur Herrera-ko presondegian aurkitzen da.

Badaramatza 5 urte kaiola hartan xori errebeldeak.

Bigarren saria Ernest Alkat bertsulariak jaso zuen.

Droga zen bertsuen izenburua eta bertsoen barneko mezua ere.

Laharragan sortua da Alkat, 1951-ko uztailaren 21-ean.

Iada bertsulari aski ezaguna.

Eskuratu ahal izan dugun beste bertso-papera Dominike Ezpondarrena da.

Duela 50 urte Jatsun sortu zen bertsolari hau.

Oso gazterik utzi zuen bere sorterria.

Berak esplikatzen digu ongienik sortetxea izeneko paperaren partitze haren mezua.

Amonaren azken bertsoak Doinua: limosnatxo bat.

Udako arrats zital honetan
hau barneko dolorea!,
fardel txikia eskuan eta
utzi beharra etxea.

Zangoak mendre, malkoak leher,
bihotza minez betea,
narras, astiro...... hartzera noa
arlotearen bidea;
zein bazterretan jausiko ote...
non aurkitu gerizpea?.

Elkortu dira ene joranak,
gogoak aurpegi hitsa,
supazterretik egotzi naute
errumes txiroen gisa.

Dardar batean larru-azala,
begietan sinesgaitza,
bihozbeltzaren herra itzelak
jadetsi bait du garaitza,
amets tristeen pare bihurtuz
amona honen bizitza.

Etsi-etsian sartzera noa
gauaren leize beltzara,
norarik gabe ta ozta ozta
hordi deslaien erara.

Jakinik jada bota nautela
desditxatuen askara,
oroipen beltzak soilik datozkit
krudelki jotzen aldaba,
gogoraziaz galdu ditudan
baserri eta alaba.

Gorputz mindua garraiatzeko
abaildu dira zangoak,
haitzulo baten hegi hezean
gelditu ditut pausoak.

Barneko kezkak, xut!, diostate,
amona, jaso gogoak!,
ez zaitezke hil azaldu gabe
malura hoien erroak,
egi gardena jakin dezaten
heda itzazu bertsoak!

Bertso mikatzez azalduko dut
kinka honen zergatia,
nondik datorren, hain zuzen ere,
daramaten desgrazia.

Etxeko suina dela medio
kendu didate guztia,
zelai-soroak, abere... eta
sortu ninduen kabia;
hauxe da, beraz, eman didaten
hil aurreko oparia.

Baserri, xume, goxo, xarmanta,
pinpirin baten jabetza,
hori izan zen gure aitonek
utzi ziguten babesa.

Alaba ere banuen eta
ezin nintekeen kexa,
urrite mingots ta antzuetan
triste ginenik ez pentsa;
elkarren lehian hainbat maitasun
ez da ulertzen erreza.

Orduko amets jori ederrak
luzaro ezin gozatu,
alaba horren ezkontzarekin
bazterrak ziraden laztu
.

Pentsatzen nabil gizatxar horren
zertaz ote zen lehiatu,
gizona edo piztia ote...
ba al daiteke zehaztu?.

Geroztik, behintzat, inguruetan
ba da hamaika espantu
.

Horrez gainera egin behar dut
beste gaitz baten aitortza:
Zenbat bihozmin, mingarri, krudel..
zenbat mesprezu ta lotsa...
eman dizkidan ene alabak
urratzeraino bihotza...
Ene irritsen krabelin zena
eta ametsen arrosa,
orain basati horrekin dabil
zoriontsu ta airosa.

Gaumin honetan beste dolu bat
datorkit bihotz erdira,
tristura biziz sartzen nauena
oroitzapenen saskira.

Lehengo, mintzo, olerki, eta
Aberriaren desira,
basati horren zitalkeriaz
ohilduak izandu dira;
euskara, beraz, txokorik gabe
etxetik urrun bizi da.